Bi pertsona artatu behar izan zituzten, atzo, Barakaldoko etxebizitza batean piztutako sutean kea arnasteagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Sutea 12:00etan piztu zen Barakaldoko Vicente Aleixandre kaleko 2. zenbakiko etxebizitza bateko sukaldean. Bertaratu ziren ertzainek itzali zuten, su-itzalgailuak erabilita. Garrek sukaldean bakarrik eragin zituzten kalteak.
Sua itzaltzeko lanetan parte hartu zuten ertzainetako bat eta etxebizitzaren jabea (emakumea) ondoezik sentitu ziren kea arnastu baitzuten. Mutualitatean artatu zuten agentea, eta emakumea, ostera, Gurutzetako Ospitalera eraman zuten.