24 orduko lanuztea eta elkarretaratzea Bilboko Portuan atzoko lan istripua salatzeko

0

BilboEstibako enpresa batzordeak 24 orduko lanuztea eta elkarretaratzea deitu ditu gaurko, atzo Bilboko Portuan izandako lan istripua salatzeko. 43 urteko zamaketaria hil zen, garabi batetik behera jausita.

Enpresa batzordeak deituta, elkarretaratzea egingo dute lankideek Bilboko Portuaren sarreran, Santurtzin (10:00etan).

ELA sindikatuak salatu duenez, «Bilboko Portuan lan baldintza txarrek, lan erritmo biziak eta arrisku handiko lanek egiten dute bat».

Behargina garabi gainetik, bospasei metroko altueratik behera, erori zen, zamaren ezusteko mugimendu zakar baten eraginez. Eskarmentu handiko langilea zen, sindikatuen hitzetan.

ELAk (hildakoa sindikatu horretako afiliatu zen) eta UGT Euskadik doluminak eman dizkiete senitarteko eta lagunei. Bestalde, ikerketa sakon bat eskatu diote Osalani eta Lan Ikuskaritzari.

UGT Euskadiren arabera, azken hiru urteetan Bilboko Portuan hildako laugarren behargina da honakoa.

ELAk ohartarazi duenez, bestalde, 2019 honetan zazpi langile hil dira lan istripuz.