Behe Paleolitoko aztarna arkeologikoak aurkitu dituzte Praileaitzen

0

Mari Jose Telleria Gipuzkoako Aldundiko Kultura zuzendariak eta Xabier Peñalver arkeologoak Praileaitz kobazuloan izandako azken aurkikuntzak aurkeztu dituzte.

Sasiolako harrobian (Deba) dagoen kobazulo horretan, 2000. urteaz geroztik ari dira lan arkeologikoak egiten, eta galeria berriak aurkitu dituzte orain, baita gune arkeologikorako sarbide berriak ere.

Gaur aurkeztu dituzten aurkikuntzak orain dela 200.000 urte ingurukoak dira, Behe Paleolitokoak, eta aro horretako aztarnak, oraingoz, oso bakanak dira gure inguruan, gaur azaldu dutenez.

Dozena erdi bat metro karratuko espazioan, 2018ko kanpainan, ugari azaldu dira harrizko lanabesak eta kontsumitutako animalien hondarrak. Horien artean, elefanteen familiako ugaztun handi baten hezurra eta hartz baten letaginak azpimarratu dituzte.