La Navaleko langileek kaleratze autoa jaso dute

0

Sestaoko (Bizkaia) La Navaleko enpresa batzordeak langile guztiei eragiten dien kaleratze autoa jaso du gaur, batzordeko kideek EiTBri jakinarazi diotenez. Ontziola likidazio fasean dago 2018ko irailetik.

Autoak otsailaren 28ko data du, eta ontziolako 173 beharginei eragiten die.

Jakinarazpen horren aurrean, langileak batzar batera deitu ditu biharko enpresa batzordeak (09:00etan). Ondoren, 11:30ean, manifestazioa egingo dute Bilbon (Moyua plazatik SPRIk Bizkaiko hiriburuan duen egoitzara).

Bestalde, Industria Ministerioak bilera batera deitu du La Navaleko enpresa batzordea, data guztiz zehaztu ez badu ere. Ministerioko iturrien arabera, «martxoaren 14an edo 15ean izango da». Enpresa batzordeak Madrilera joateko asmoa zuen bihar, Ministerioaren egoitzaren aurrean «plantoa» egiteko. Reyes Maroto ministroarekin bilera bat hitzartzeko presioa egin nahi zuten. Ministerioaren deia jaso ostean, baina, bertan behera geratu da bidaia.