Sua pizteko etxean egindako gailu bat topatu dute Muskizen, kiskalitako eremuan

0

Ertzaintzak Muskizen (Bizkaia) igandean izandako sutea pizteko etxean egindako gailu bat atzeman du kiskalitako eremuan.

Juan Carlos Gomez Ertzaintzak Ingurumenaren kontrako delituak ikertzeko duen taldearen buruak baieztatu duenez, benda batzuekin bildutako bihurkin bat da aurkitutakoa. Pertsona batek horri su eman ziola eta hainbat lekutan suteak piztu zituela uste du Ertzaintzak.

Gomezek Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, pertsona horrek hainbat sute-sorgune piztu zituen, batetik bestera oinez edo autoa erabilita joanda. Hiru sorgune izan ziren: bata Carrascal auzoko Posadero mendian; bestea, Pobeñan, eta hirugarren bat, Rigadan.

Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du, eta oraingoz ez du inor atxilotu. Muskizeko suteak 110 hektarea erre zituen: gehiena lur publikoa, eukaliptoekin landatua.

Sutea igandeko 19:30 aldera piztu zuten, itxura guztien arabera, nahita. Hego haizea zebilen, eta lurra idor zegoen. Hori dela eta, lanak izan zituzten suhiltzaileek amatatzeko. Muskizeko hainbat bizilagun euren etxeetatik atera behar izan zituzten, eta AP-8 eta N-634 errepideak ordu batzuez itxita egon ziren.