Karguekin libre utzi dute sexu abusuengatik salatutako Basauriko entrenatzailea

0

Bilboko epaitegi batek karguekin libre utzi du Basauriko futbol eskola batetik kanporatutako entrenatzailea, sexu abusuak leporatuta zenbait salaketa jaso zituena. Ertzaintzak asteartean atxilotu zuen.

Poliziak baieztatu duenez, 60 urteko gizon bat atxilotu zuen, adingabeko bati abusuak egitea leporatuta. Epailearen aurrean igaro da, eta deklaratu ondoren, karguekin libre geratu da.

Ikerketa iturrien arabera, azken hilabeteetan bere kontrako zazpi salaketa jaso dituen entrenatzailea da gizona.

Salatzaileak adineko pertsonak dira jadanik; izan ere, duela 30 urte gertatutakoa salatu dute; ondorioz, delituak preskribaturik egongo lirateke.

Aurrena, umetan sexu-abusuen biktima izan zela salatu zuen gizon batek bideo batean, sare sozialetan.

“Lotsa, atsekabea eta beldurra” gainditzeko 25 urte baino gehiago behar izan dituela ziurtatu zuen gizonak bideoan. Futbol taldeko entrenatzailearen sexu-abusuen biktima izan zela azaldu zuen.

Grabazioa argitaratu ondoren, Baskonia Futbol Eskolak prestatzailea kaleratzea erabaki zuen.