Bizkaiko golkoan hondoratutako itsasontziak kezka eragin du kostaldean

0
PRUEBA

Hanburgo eta Casablanca arteko bidea egiten ari zen Italiako karga itsasontzi bat Frantziako kostatik 333 kilometrora hondoratu zen asteartean, igandean piztutako sutea itzaltzea lortu ez zutelako.

Aztik EiTBri jakinarazi dionez, Eusko Jaurlaritza gertutik ari da gertatutakoa jarraitzen, nahiz eta, oraingoz, ez duen aurreikusi euskal kostaldera material kutsakorrik helduko denik.

Verballenas.com enpresa santurtziarrak, bestalde, ohartarazi du hondoratzeak «marea beltza» eragin duela Bizkaiko golkoan. Sare sozialen bidez jakitera eman duenez, Frantziako agintariak eta ornitologoak arduratuta daude, larunbatetik aurrera arazoak dituzte hegaztiak hel litezkeelako euskal hondartzetara.

«2.200 tona fuel eta material arriskutsua zabaldu ditu itsasontziak gure kostatik gertu», esan dute Facebooken.

Gainera, zehaztu dute une honetan bi orban handi daudela: 13,7 kilometro hartzen ditu horietako batek eta 9,7 kilometro besteak. Horregatik, herritarrei laguntza eskatu diete. Hain zuzen ere, hondartzetan hegaztiak, itsas txakurrak edota delfinak ikusiz gero 112 telefono zenbakira deitzeko aholkatu diete.

«Grande America» ontzian 27 lagun zihoazen. Horiek guztiak onik atera zituzten itsasontzitik, astelehen goizaldean. 214 metroko luzera duen ontziak, ibilgailuak eta edukiontziak zeramatzan. Horietako asko itsasora erori ziren, hondoratzea gertatu aurretik.