Donostiako Zinemaldiak Roberto Gavaldo mexikar zinemagilearen lanari buruzko atzera begirako ziklo bat antolatu du. Gavaldón (1909-1986) 1950eko eta 1960ko hamarkadetako Mexikoko zinemako zuzendari garrantzitsuenetakoa izan zen, eta, besteak beste, “Macario” zuzendu zuen, atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten lehen mexikar filma.
Jimenez hirian (Chihuahua) jaioa, estra, aktore, zuzendari-laguntzaile eta gidoilari lanetan hasi zen zinemaren munduan. Zuzendarikide moduan ere egin zituen lan batzuk, eta 1945ean zuzendu zuen bakarkako bere lehen lana: «La barraca», Vicente Blasco Ibáñezen izen bereko nobelaren egokitzapena.
Donostiar jaialdiak zehaztu duenez, lehen film horretatik bertatik, estilo “soila, klasikoa eta errealista” erakutsi zuen Gavaldonek.
Bere filmetan, Ignacio López Tarso, María Félix, Dolores del Río, Arturo de Córdova eta Pedro Armendáriz aktoreek hartu zuten parte, eta baita Libertad Lamarque argentinar melodrametako izarrak ere.
1979ra arte aritu zen lanean, eta, urte hartan «Cuando tejen las arañas» bere azken lana zuzendu zuen, neska nerabe baten sexualitate erreprimituari buruzko drama bat. Mexiko Hirian zendu zen, 1986an.