Zazpi izendapen euskal lan eta profesionalentzat, Max sarietan

0

Max Arte Eszenikoen Espainiako Sarien antolatzaileek aurten hemeretzi ataletan lehiatuko diren finalistak iragarri dituzte gaur, eta euskal antzerkigintzak ordezkaritza izango du bertan, beste urte batez.

Antzezlan onenaren sarirako hiru hautagaietako bat La ternura Alfredo Sanzol iruindarraren lana da, eta The Opera Locos Klemark Espectáculos Teatrales egoitza Bizkaian duen enpresak ekoitzitako lana ikuskizun liriko eta musikal onenaren eta jantzi diseinu onenaren ataletan lehiatuko da.

Halaber, Erritu Kukai konpainiaren ikuskizunak ere bi hautagaitza ditu, koreografia onenarena eta dantzako gizonezko interprete onenarena (Eneko Gil). Hautagaitza bakarra lortu du, bere aldetik, Gorakada taldearen Ulisesen bidaiak lanak, haur, gazte eta familientzako ikuskizun onenaren atalean.

La teta de Janet Ertza konpainiaren antzezlanak, bestalde, ikuskizun eszenikorako konposizio musikal onenaren saria irabaz lezake.

Sariak emateko ekitaldia Valladolideko Calderón Antzokian izango da, maiatzaren 20an.