Air France-KLM konpainiak % 30 handitu du Paris eta Loiu arteko hegaldien maiztasuna, udara begira.
Orain arte Embraer hegazkinak zituen Air Francek, baina Airbus A318 abioiengatik ordezkatu berri ditu. Hegazkin berriek bidaiari gehiago eraman ditzakete, handiagoak direlako. Horrek esan nahi du, % 35 egingo duela gora eserleku kopuruak, neguan ere. Horixe da, behintzat, Air France-KLM enpresak Espainian eta Portugalen duen zuzendari nagusiak, Boris Darceauxek, jakitera eman duena.
Iaz, 365.000 bidaiari eraman zituen konpainia horrek Bizkaiko aireportura. Horietatik 172.000 lagunek Air Francerekin bidaiatu zuten, gainerako 193.000 bidaiariek KLMrekin.
Esan bezala, egunean sei hegaldik lotuko dute aurrerantzean Loiu eta Paris, urriaren 27ra arte. Guztira, 150.000 eserleku eskainiko ditu, horrenbestez.
Bilbon goizean egindako aurkezpenean, Boris Darceauxek gogora ekarri du duela 19 urte heldu zela Air France Bilbora. «Hori dela eta, poztasuna da guretzat hiri horren aldeko apustua berrestea, Bilbora egiten ditugun joan-etorriek emaitza oso onak eman dituztelako», adierazi du.
Terminal aldaketa
Bestalde, Parisko aireportura iristen diren hegaldiak 2F terminalera aldatuko dituzte. Darceauxen hitzetan, «lotura arinagoak ekarriko ditu horrek».
Bukatzeko, hegaldien maiztasuna handitu dutela sustatze aldera, Air France-KLM konpainiak eskaintza berezia egingo du Parisera bidaiatzeko. «Light» tarifa delakoari esker, 59 euroan eskainiko dituzte hegaldiak (tasak barne, baina maleta fakturatu gabe).