Gaurtik aurrera hiru gizon epaitzen dituzte Bizkaiko Probintzia Auzitegian, 2017ko urtarrilean 18 urteko emakume bati sexu-abusuak egitea eta erasoa eskuko telefono batez grabatu eta WhatsApp bidez zabaltzea egotzita. Emakumea alkoholaren eraginpean zegoen, ikerketako iturriek Europa Press albiste agentziari adierazi diotenez.
Epaiketa 10:00etan hasi da, eta ateak itxita egingo dute. Fiskaltzak 80 urteko espetxe zigorra eskatuko du hirurentzat, eta akusazio partikularrak, 100 urtekoa. Defentsak, ostera, absoluzioa eskatuko du. Erasoa gertatu zenean akusatuetako bik 20 urte zituzten eta hirugarrenak, berriz, 28. Otsailean atxilotu zituzten, Bilbon eta Barakaldon.
Bilboko Santutxu auzoko Solokoetxe inguruan gertatu zen erasoa, dantzaleku batetik atera berritan. Inguruko segurtasun kamerei esker identifikatu eta aurkitu ahal izan zituzten akusatuak.
Emakumeak jarritako salaketaren arabera, gaizki sentitzen eta guztia lausotuta ikusten hasi zen, eta arroparik gabe eta sexu-organoetan min zuela esnatu zen gero. Sexu-erasoa jasan zuela pentsatuta, Basurtuko ospitalera joan zen, azterketa egitera; bortxatu egin zutela baieztatu zuten bertan.