Haur-hezkuntzaren lehen zikloko (0-3 urte) haurtzaindegi pribatuetan greba deitu zuen CCOO sindikatuak astearte honetarako. Lanuzteak jarraipen desberdina izan du sektoreko ia 800 langileen artean, Euskadin.
CCOOko iturriek azaldu dutenez, behargin askoko haurtzaindegietan -12 langile baino gehiago- erantzun «garrantzitsua» izan du deialdiak, ez hainbeste zentro txikietan.
Gipuzkoako zentro «garrantzitsuren batean» grebaren jarraipena % 100ekoa izan da, deitzaileen arabera, eta «behetik jota», oro har lanuzteak % 30-40ko babesa izan du Euskadin.
Euskadin sektoreko langileak, gehienak emakumezkoak, greba egitera deitu dituzte Estatu mailako markoaren baitan, lan baldintza hobeak eskatzeko; izan ere, lan hitzarmena Espainiakoa dute beharginek.
CCOOren hitzetan, UGT sindikatua, «FSIEren eta USOren konplizitatearekin», sektorearen «prekarietatea betikotzeko» hitzarmen berri bat sinatzeko prest dago; izan ere, «hezitzaileen soldata 930 eurokoa izatea» onartuko du, zazpi urte baino gehiago soldata izoztuta izan eta bi urteko negoziazioaren ondotik.
Greba deialdiak ez die haurreskolei eta hitzartutako haur-hezkuntzaren ikasgelei eragin.