3.089 langabe gutxiago zeuden maiatzean Hego Euskal Herrian

0
PRUEBA

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lan zerbitzu publikoen bulegoetan jasotako datuen arabera, langabezia jaitsi egin da maiatzean. Hain zuzen ere, apirilean baino 1.771 langabe gutxiago zenbatu dituzte; hots, % 1,53ko jaitsiera izan du. Guztira, 113.873 langabe daude EAEn, Enpleguko eta Gizarte Segurantzako Ministerioak jakinarazi duenez.

2018ko maiatzeko datuekin alderatuta, 8.928 langabe gutxiago zenbatu dituzte. Horrek esan nahi du urtetik urterako tasa % 7,27 jaitsi dela, eta Estatu mailako (% 5,31) batez bestekoaren gainetik ere jaitsi dela.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, apirilean baino 1.336 langabe gutxiago (% 2,02) daude Bizkaian. Guztira, 64.953 langabe daude Bizkaian.

Gipuzkoan, berriz, 309 langabe gutxiago zenbatu dituzte (% 1,02). Horrenbestez, 29.933 langabe daude.

Araban, 126 pertsona gutxiago daude lanik gabe (% 0,66). Beraz, 18.987 lagun daude lanik gabe.

25 urte azpikoen artean 8.278 langabe zenbatu dituzte. Hortaz, iragan hilabetean baino 244 langabe gehiago zeuden adin tarte horretan.

Gizonezkoen artean, 46.625 langabe daude: apirilean baino 1.047 gutxiago. Emakumezkoen artean, berriz, 724 langabe gutxiago zenbatu dituzte eta, orotara, 65.248 dira emakume langabeak.

Sektoreka, zerbitzuek (1.223 langabe gutxiago) izan dute beherakada handiena. Industrian ere behera egin du langabeen kopuruak, 281 gutxiago zenbatu baitituzte. Eraikuntzan, 235 gutxiago eta Nekazaritzan, 216 gutxiago.

Sinatutako kontratuen harira, maiatzean 90.673 zenbatu dituzte, iragan hilabetean baino 14.091 gehiago; 7.449 lan-kontratu mugagabeak izan ziren; eta, 83.224, aldi baterako lan-kontratuak.

1.318 langabe gutxiago, apirilean, Nafarroan

Guztira, 1.318 langabe gutxiago zeuden Nafarroan maiatzean, orotara 31.263 zenbatu baitituzte. Hortaz, urtetik urterako tasa % 6,22 jaitsi da (2.073 langabe gutxiago).

Langabeziak behera egin du sektore guztietan, aurretik enplegua ez zutenen artean izan ezik, 70 langabe gehiago zenbatu baitzituzten maiatzean. Gizonezkoen artean, 12.366 langebe izan ziren, eta emakumezkoen artean, 18.897.

Nekazaritzan 1.805 langabe gutxiago zeuden, 158 gutxiago baitzeuden iragan hilabetean; industrian (4.106), 202 gutxiago; eraikuntzan (1.558), 86; eta, zerbitzuetan (20.853), 942 gutxiago.

Maiatzean 35.215 kontratu egin zituzten Nafarroan iragan hilabetean baino 3.356 (% 10,53) gehiago. Horrek esan nahi du urtetik urterako kontratazoi tasa % 0.90 jaitsi dela, eta 320 kontratu gutxiago egin direla.

Bestalde, 2.501 lan-kontratu mugagabe eta 33.164 aldi baterako lan-kontratu egin zituzten maiatzean, Nafarroan.

Espainiako Estatuan, 84.075 langabe gutxiago zenbatu dituzte. Guztira, 3.079.491 langabe daude Espainian, 2008tik jasotako mailarik baxuena, hain zuzen. % 5, 31 egin du behera, urtebeteko datuak aztertuz gero.