2019ko bigarren seihilekoan susperraldi ‘moderatua’ aurreikusi du G20k

0

G20ko herrialdeek ondorioztatu dutenez, nazioarte mailako ekonomia-hazkundea «egonkortzen» ari da. Gainera, 2019ko bigarren seihilekoan «susperraldi moderatua» aurreikusi dute, eta nazioarteko zerga-sistema «justu, iraunkor eta moderno» baten alde lanean jarraitzea adostu dute, Ekonomia eta Enpresa Ministerioak jakitera eman duenez.

G20ko herrialdeak Fukuokan (Japonia) batzartu dira asteburu honetan. Espainiako Estatuko Gobernuaren izenean, Nadia Calviño jarduneko Ekonomia ministroa izan da. Ekainaren 28an eta 29an Osakan izango den goi-bilera prestatzeko izan da asteburu honetako topaketa. G20ko presidentetzaren ardura dauka aurten Japoniak.

Hazkunde «iraunkorra, orekatua eta barneratzailea» lortzeko, «politika ekonomikoaren tresna guztiak erabiltzeko» konpromisoa berretsi dute G20ko herrialdeek. «Areagotu egin diren tentsio komertzialak eta geopolitikoak» dira mehatxurik handiena, eta «nazioarte mailan lankidetza sendotzeko ekintza bateratuak hartzeko» prest daudela gaineratu dute.

Zentzu horretan, azpimarratu dute «hazkundearen, produktibitatearen, berrikuntzaren, garapenaren eta enplegu sorkuntzaren iturburu» direla nazioarteko merkataritza eta inbertsioa.