Bi atxilotu, Bizkaiko metalgintzako sektoreko laugarren greba eguneko protestetan

0

Bizkaian, metalgintza sektoreko 50.000 langile greba egitera deituta daude gaur. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek sektoreko lan hitzarmen berri baten alde deitutako bost greba egunetatik laugarrena da. Aurreko greba egunak maiatzaren 23an, ekainaren 6an eta 7an egin zituzten. Bihar, ostirala, ere greba egitera deitu dituzte beharginak.

Halaber, bi mobilizazio egingo dituzte. Lehenengoa 11:20an aterako da, eta Sestaotik Barakaldora joango dira. Bigarrena, ostera, 11:30ean egingo dute, Durangon.

Grebak eragozpenak eragin ditu errepideetan. Goizeko lehen orduan, piketeek N-636 errepidea itxi dute, Elorrion, Kanpanzar gainean pneumatikoak erreta.

N-634 errepidean, Zornotzan, protestan ari ziren hainbat pertsonak pneumatikoei su eman diete. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzarekin izandako gorabeheretan bi pertsona atxilotu dituzte agintaritzaren aurkako delitua leporatuta. Suhiltzaileek sua itzali eta errepideetako langileek bidea garbitu ostean, trafikoa normaltasunera itzuli da.

Halaber, zirkulazio arazoak izan dira Bilbon, San Mameseko sarreran, eta tarteka mozketak egin dituzte.

Astelehenean patronalak eta sindikatuek egindako bilera akordiorik gabe amaitu ostean, mobilizazioekin jarraitzea erabaki zuten. Sindikatuek atzera bota zituzten Bizkaiko Metalgintza Enpresen Federazioak proposatutako igoerak, nahikoak ez zirela iritzita.