Grebaren jarraipena aurreko egunetakoarekin parekatu dute patronalak eta sindikatuek

0

Langile gehienek egin dute bat hitzarmen «duin» baten alde Bizkaiko Metalgintza sektoreak deitutako bosgarren greba egunarekin, sindikatuen arabera. Mikel Etxebarria ELAko bozeramaileak ostegunekoarekin parekatu du ostiral honetan grebak izandako jarraipena. Hain zuzen ere, sindikatuen hitzetan, langileen % 80-85ek egin zuten greba egun horretan.

Gaurkoan, bestalde, Bilbon egin dute protesta Metalgintza sektoreko beharginek. Bi manifestazio antolatu dituzte, eta Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko hiriburuan duen egoitzaren aurrean batu dira bi martxa horiek.

Etxebarriak esan duenez, bosgarren egunez industrialdeak itxita daude eta ekoizpena gelditu egin dute. «Pozik gaude mobilizazioak jarraipen zabala izan duelako, jendea indartsu dagoelako eta Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioari gure aldarrikapenak onartzeko exijitu diogulako», adierazi du.

Istiluak

Atzoko protestetan izandako istiluen harira, ELAko bozeramaileak berretsi du gisa horretako gertakariek ez dutela grebarekin zerikusirik izan behar. Halaber, Ertzaintzak kasu jakin batzuetan izandako neurriz kanpoko jokabidea ere gaitzetsi du, «sindikatuen borroketan ekoizpena gelditu beharra dagoelako, eta milaka pertsona kalera atera behar direlako».

Patronalaren arabera % 20 jarraipena izan du grebak

Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioaren esanetan, bestalde, % 20ko jarraipenaizan du ostiraleko lanuzteak, hots, mobilizazioak abiatu zituztenetik langileek egin duten bosgarren greba egunak.

Iturri horien esanetan, osteguneko «ildoari» eutsi dio grebak. Alabaina, argi utzi du oraindik ez dutela behin betiko daturik. Hau da, enpresek emandako datuetan oinarritu dira jarraipenaren nondik norakoak argitzerakoan.

«Sindikatuek ez dute amorerik eman, metalgintza federazioak proposamen berriak egin dituen arren», gaineratu dute.