Euskaraldiak urrunago iritsi nahi du bigarren edizioan

0
PRUEBA

Euskaraldiaren lehen edizioan, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 4ra, 225.000 lagunek parte hartu eta gero, antolatzaileek jakinarazi dute hizkuntza ohituren esparruan inertziak astintzeko ariketaren bigarren edizioa 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango dela.

Iraupen luzeagoa izango du bigarren Euskaraldi honek, hamabost egunekoa, eta beste esparru batzuetan ere hazi nahi du ariketak, luze-laburrean ez ezik. “Egoera, leku eta harreman gehiagotan eragin nahi dugu hurrengo Euskaraldian”, esan dute arduradunek, eta denetariko entitateei ere gonbita egingo diete oraingoan, norbanakoei ez ezik, berorien barruan euskaraz aritzeko guneak (“Ariguneak” izango dute izena) sortu, bultzatu eta babesteko.

Nolanahi den, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketak ahobizi eta belarriprest rolak izango ditu protagonista berriro ere, herritarrak izango dira aitzindari beste behin, entitateen konpromisoa gorabehera, eta txapak itzuliko dira izena ematen dutenen paparrera, horien euskara maila egiaztatzeko barik (antolatzaileek argi utzi dute ariketa honen ardatza ez dela norberak zenbat dakien erakustea, ezpada egunerokoan zer egiten duen), euskararen aurrean zer portaera duten erakusteko.

Ariguneak

Lehen Euskaraldiaren ardatza bi pertsonaren aurrez aurreko elkarrizketak izan ziren, baina oraingoan bestelako elkarrizketa eta harremanetara ere zabaldu nahi dute ariketa, eta euskaldunei euskara erabiltzeko guneak, espazioak eta taldeak ahalbidetu.

Bide horretan, Ariguneak agertuko dira 2020ko Euskaraldian, “ulertzen dutenak eta dakitenak elkarrekin euskaraz arituko diren gune kolektiboak”, entitateek (elkarteak, enpresak, administrazio publikoa, saltokiak, kirol taldeak, gizarte mugimendu antolatuak…) babestu, bultzatu, kudeatu eta ikusarazi beharko dituztenak. Izan ere, entitateei zabaldu nahi diete Euskaraldia bigarren edizioan, taldeon barne-harremanetan euskararen erabilera handitzeko.

Halaber, entitateen barrukoa ez ezik, saltokietako eta zerbitzuetako langileekiko harremana ere euskaraz egin ahal izatea izango da bigarren Euskaraldiaren erronka nagusietako bat, eta antolatzaileek berorien arduradunei eskatu diete “neurri estrukturalak har ditzatela halako zereginetan diharduten langileak ere ahobizi edo belarriprest izan daitezen”.

Ahozko komunikazioaz haraindi

Bestalde, aurrez aurreko ahozko komunikazioan ez ezik, aldibereko komunikazio digitalean (Whatsapp, Telegram, Skype…) ere eragin nahi du Euskaraldiak 2020ko saioan, guztion egunerokoan sakon txertatuta dagoenez.

Horren ildotik, Euskaraldiak proposatu du ahobizi eta belarriprest rolak eremu digitalera eramatea, eta geure burua horrelakotzat identifikatzea tresnotan.

Antolatzaileak etengabe arituko dira, 2020ko udazkenera arte, lanean Euskaraldiaren bigarren edizioa prestatzen, eta, anartean, herritarrok gogoan izan behar dugu egunero izan gaitezkeela ahobizi eta belarriprest.