Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, eta Euskaltzaindiko euskaltzainburuak, Andres Urrutiak, 1996tik urtero adostu duten hitzarmena berritu dute astelehen honetan Arabako hiriburuan euskararen erabilera bultzatzeko.
Alkatearen esanetan, udal gobernua hizkuntzarekin“konprometituta” dago, eta Gasteiz, “Euskadiko hiriburua denez, euskararen hiriburua izan behar da”. “Herritarren hizkuntza-eskubideak betetzen direla bermatu, eta euskara, gure altxor nagusietako bat, kaleetan gero eta gehiago entzuteko lan egin behar dugu”, adierazi du Urtaranek.
Euskaltzainburuak, bere aldetik, adierazi duenez, akordioak Arabako hiriburuan nahiz lurralde osoan euskara eta euskal kultura bultzatzeko balioko du, eta arreta berezia jarriko dio toponimiari eta euskararen erabilerari aisialdian.
Hitzarmen berriaren bidez, Gasteizko Udalak 63.000 euro emango dizkio Euskaltzaindiari, Udalak prentsa-ohar baten bidez jakitera eman duenez.