Osakidetzan ebakuntza bat egiteko batez beste itxaron beharreko epea apur bat luzatu da 2019ko lehen seihilekoan: 48,2 egunetik 48,6ra. Datu hori positiboa da arduradunentzat. Igoera txikia herritarren zahartzeari eta berrikuntza teknologikoari egotzi diote, eta egonkortasuna goraipatu dute.
Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Andoni Arcelay Asistentzia Sanitarioaren zuzendariak aurkeztu dituzte 2019ko lehenengo sei hilabeteetako datuak. 96.000 paziente hartu ditu Osakidetzak: 67.000 Lehen Arretan eta 29.000 ospitaleetan.
Lantzen ari diren zenbait prozedura berritzaile aipatu dituzte Diegok eta Arcelayk: momentu bakoitzeko baliabideen eta eskaeraren arabera gaixoak ospitalez aldatu eta, «ebidentzia zientifikoak babesten ez baditu» eta betiere Osakidetzaren zerbitzuen eskaintza aldatu gabe, zenbait ebakuntza eta proba diagnostiko ez egiteko aukera.
Ebakuntza egiteko batez besteko atzerapena 48-51 egun artean mantendu da azken lau urteetan. Egonkortasun hori azpimarratu du Diegok, «0,5 puntu behera edo gora egitea» baino.
Portzentajeak behera egin du Txagorritxu Ospitalean (50,7tik 50,2ra), Gurutzetan(43,1etik 42ra) eta Donostia Ospitalean (49tik 46ra), besteak beste, baina gora egin du Debabarrenan (43,8tik 56,8ra) eta Debagoienan (27,5etik 41,3ra).
Batez besteko hazkundea biztanleria zahartzearen ondorio dela esan du Osakidetzako zuzendariak; izan ere, 65 urtez gorakoei egindako ebakuntzek % 3,41 egin dute gora. Bestalde, berrikuntza teknologikoek ebakuntza kopuru handiagoa egiteko aukera ematen dute; oro har, % 2,68 egin baitute gora.
Ia espezialitate guztietan gehiago itxaron beharra dago: kirurgia orokorra (42,3 egunetik 45,7ra), otorrinolaringologia (47,7tik 49,1era), oftalmologia (40,3tik 44,2ra), ginekologia (34,1etik 38,5era) eta traumatologia (58,6tik 58,7ra). Urologian, ostera, behera egin du (50,9tik 41era).
Bestalde, proba diagnostikoak egiteko atzerapenak behera egin du, 14,9 egunetik 13,2ra pasa baita. Kanpo kontsultetan hitzordu bat lortzeko, aldiz, 32,4 egun behar dira (2018an 30,1 behar izan ziren).
Pazienteek ospitalean 5,3 egun ematen dituztela nabarmendu du Diegok, eta larrialdietako zerbitzuen erabilerak % 13 behera egin duela goraipatu du. Horregatik, «baliabideen erabilera arduratsua» egin izana eskertu die herritarrei. Etengabeko arreta guneetan larrialdietan baino pertsona gehiago artatu dituzte bigarren urtez jarraian.
Azkenik, herritarrak gero eta odol gutxiago ematen ari direla ohartarazi du Diegok (- % 7,6), baina «maila kezkagarriak ez» direla erantsi du. Arrazoiak zehazteko emaileen elkarteekin lanean ari direla adierazi du.