Ehunka pertsonak elkarretaratzea egin dute Bilbon, hilketa matxistak eta bortxaketak salatzeko, Betaurreko Moreak elkarte feministak deituta. «Sistemaren bermeak bortxatzaileentzat dira, ez biktimentzat», kritikatu dute.
Elkarte feministak hilabete bakoitzeko aurreneko astelehenean egin ohi duen elkarretaratzean jende gehiago bildu da gaur. Grabazio batean indarkeria matxistak aurten Espainian hildako emakumeen izenak entzun dituzte isilean, baita krimen horien inguruabarrak ere.
«Terrorismo matxista» salatu du elkarteko bozeramaile batek, eta hilabete eskasean Bilbon hiru bortxaketa izan direla gogorarazi du (horietako bi taldean egin dituzte).
Horien artean, 18 urteko neska bati ostegunean, Etxebarri parkean, egindako sexu-erasoa aipatu du. Bi gizon espetxeratu dituzte, baina beste lau atxilotuak libre utzi ditu epaileak, karguekin.