Iberiako langileek lan-etenaldiak egingo dituzte Loiun bihartik aurrera

0

Loiuko Aireportuan lan egiten duten Iberiako 270 beharginek hiru lanuzte egun egingo dituzte bihartik (asteazkena) ostiralera arte, UGT sindikatuak eitb.eus-i jakinarazi dionez.

Lan-etenaldiak bederatzi ordukoak izango dira egunero, asteazken, ostegun eta ostiralean, eta «astelehen eta ostiralero errepikatuko dira, konpainiak langileen aldarrikapenei erantzuten ez badie».

Langileek lan-baldintzak hobetzea eskatzen dute; lanaldiko orduak «zuzen banatzea, familia eta lana uztartzen lagun dezaten», eta behin-behineko langileentzat «gutxienez bi orduko lanaldiak» ezartzea, «enpresak ordubeteko kontratuak egiten baititu eta hori ezinezkoa baita». Halaber, lan-kontratu finkoak eskatzen dituzte enpresan lanean 14 urte eman dituzten behin-behineko langileentzat.

Iberia, Vueling, Lufthansa, British Airways eta Aer Lingus edo Groundforce enpresetako hegaldi askori eragingo die lanuzteak. Izan ere, aireportuko zerbitzu asko bertan behera geldituko dira: txartelen eta maleten kudeaketa, hegazkineratzeko zerbitzua, maleten karga eta deskarga, hegazkinen eskailerak eta horiek pisten artean mugitzeko atoiontzien zerbitzuak, eta abar.

Protestaren helburua ez da soldatak igotzea izango, baizik eta lan baldintzak hobetzea. Aireportu horretan asko igo da bidaiari kopurua eta, hortaz, lan zama.