Egiako kiroldegiak eskubaloi txapelketa hartuko du abuztuaren 22tik 24ra

0
PRUEBA

Donostiako Udalak Egia Eskubaloiak antolatzen duen XXV Nazioarteko Eskubaloi Txapelketaren aurkezpena hartu du. Txapelketak hiru eguneko iraupena du eta, bertan, maila handiko emakumeen zein gizonezkoen eskubaloia ikusteko aukera egongo da.

Donostiako zinegotzi Mariaje Idoetak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol departamentuko arduradun Kepa Garciak, Egia Eskubaloiko arduradun XantI Jakak eta Alex Elezgaraik, C.D. Bidasoako presidente Gurutz Aginagaldek, Super Amara Bera Berako arduradun Tati Garmendiak, eta Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko presidente Francis Barrosek txapelketaren aurkezpenean parte hartu dute.

Abuztuaren 22an, ostegunean, hasiko da Egiako eskubaloi astea, eta bertan, Egia Eskubaloiako emakumeen eta gizonen talde seniorren aurkezpenak egingo dira. Horretarako, lagunarteko partida bana jokatuko dute, emakumeen taldeak Irauliren aurka, eta gizonen taldeak Amenabar Zarautzen aurka.

Ostiralean, abuztuaren 23an, nazioarteko txapelketaren gizonezkoen lehiaketa hasiko da. Bertan, bi partida izango dira, Helvetia Anaitasuna eta Fenix Toulouseren artekoa, eta CD Bidasoa eta BM Logroño La Riojaren artekoa. Bigarren partida, arratsaldeko 8tik aurrera izango da, eta iaz Asobal Ligan bigarren eta hirugarren sailkatu ziren taldeak ikusteko aukera emango du. Gainera bi talde horiek Europan arituko dira denboraldi honetan.

Emakumeen txapelketako partidak larunbatean, abuztuaren 24an, jokatuko dira. Super Amara Bera Berak antolatzen duen Summer Bag 2019ko hirugarren eta laugarren postua eta finala izango dira. Bertan, Egiako kiroldegira gerturatzen diren zaletuek talde donostiarra ikusteaz gain, Mecalia Guardes, Liberbank Gijon eta Aula Valladolid taldeak ikusteko aukera izango dute. Arratsalderako, aldiz, gizonezkoen hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partida eta finala jokatuko dira.

Idoetak azpimarratu du 25 urte hauetan Egia Eskubaloiak egindako lana udako klasikoetako bat den txapelketa antolatzeko. Eta era berean, eskubaloi zaleei dei egin die Egiako kiroldegira joateko maila handiko txapelketaz gozatzera.