Artikutza udal lursailak bere egun handia ospatu du

0

Artikutzako udal lursailak bere egun handia ospatu du gaur. San Agustin eguna dela eta, finkaren ateak ireki dira eta hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izan dute bertaratu diren pertsonek. Udaletxeko hainbat ordezkari bertan izan dira ere antolatutako ekimen ezberdinetan parte hartzen.

Egieder otxoteak girotu duen meza, Goizuetako eta Oiartzungo pilota eskolek antolatutako pilota partidak, herri kirolen erakustaldia (aizkolariak eta fardo jasotzaileak) eta Gabezin taldearekin erromeria dira egunean zehar egiten ari diren ekimenak.

Ohi bezala, artisautza erakusteko eta saltzeko postuak egon dira, baita bazkaltzeko eta edateko tokiak, eta Artikutzako argazki zaharrak ikusteko aukera ere izan da erakusketa baten bitartez.

Artikutza lursailaren erosketaren mendeurrena

Donostia urteetan aritu zen ordaintzen lursailaren ur haiek hornikuntzarako erabiltzeagatik, kalitate handikotzat jotzen baitziren, eta 1919an erosi egin zuen finka.

Donostiak Artikutzan egiten zuen aprobetxamendu hidraulikoaren ondorioz, zokoratzen joan ziren han egiten ziren beste zenbait ustiapen, eta, hala, bere onera etortzen hasi zen natura eta halaxe jarraitu du gaur egunera arte. Donostia mende batez lursailaren titular izan eta gero, Artikutza, gaur egun, balio naturalistiko handiko enklabea da.