Abian da Donostian euskara ikasteko matrikulazio kanpaina

0

Donostiako Udalak eta hiriko euskaltegiek eta zentro homologatuek euskara ikasteko deia egin diete donostiarrei. 2019-2020 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek izena emateko aukera dute irailean hiriko euskaltegietan eta zentro homologatuetan. Hori gogoratzeko, #euskaldunízate leloa duen kanpaina jarri dute martxan.

Jon Insaustik, Kulturako eta Euskarako zinegotzi-ordezkariak eta euskaltegi eta zentro homologatuetako ordezkariek elkarrekin aurkeztu dute #euskaldunízate kanpaina. Jon Insaustik adierazi du kanpainaren leloak ezin hobeto jasotzen duela zabaldu nahi den mezua eta horregatik erabili dute berriro iazko lelo bera: “#euskaldunízate leloak euskalduntzeko modu ugari adierazten ditu, eta euskaraz eta gaztelaniaz du esanahia: euskaldun izatea, euskaraz, eta euskara ikasita euskalduntzea, euskaldunizatzea alegia, gaztelaniaz”.

  • Euskara ikasi edo maila hobetu nahi dutenek hirian euskaltegi sare garrantzitsua izateaz gain, ikasleen beharretara egokitutako eskaintza izango dute.
  • Euskaltegiek, batetik, ohiko aurrez aurreko ikastaroak eskaintzen dituzte euskaltegian bertan eta astean lau, sei, zortzi edota hamar orduko eskolak jaso daitezke.
  • Bestetik, euskara azkarrago ikasi nahi dutenentzako ikastaro trinkoak eskaintzen dituzte (astean hogei edo hogeita bost ordukoak). Euskaltegira joateko zailtasunak dituztenek, berriz, Internet bidezko autoikaskuntza ikastaroak dituzte aukeran. Badira, bestalde, xede bereziko taldeentzako egokitutako ikastaro berezituak, hau da, guraso, merkatari, ostalari edota etorkinentzat antolatzen direnak.

2019-2020 ikasturterako diru-laguntzak eskatzeko epea eta baldintzak

  • Euskara ikasi nahi dutenek, irailean hasita, Donostiako edozein euskaltegitan izena emateko aukera izango dute eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan ikastaro horietarako diru-laguntza eskatzeko epea, berriz, urriaren 1etik azaroaren 16ra egongo da zabalik.
  • Urritik aurrera euskara ikasten hasiko direnek eskatu ahal izango dute diru-laguntza Euskara Zerbitzuan (Konstituzio plaza, 2) eta UdalInfo bulegoetan: Udaletxean, Morlansen, Eason eta Altzan. Diru laguntza eskaera online egiteko aukera ere izango dute herritarrek www.donostia.eus eta www.donostieuskaraz.eus web orrietan.

Urrian hasiko diren ikastaroez gain, 2020ko otsailetik ekainera bitarteko ikastaroak ere diruz lagunduko dira. Ikastaro horietan parte hartuko dutenek otsailean egin ahal izango dute diru-laguntza eskaera.

Aurrez-aurreko ikastaro arruntez gain, bestelako ikastaro motak ere lagunduko dira: barnetegiak, autoikaskuntzakoak eta udakoak. Horiek diruz laguntzeko eskabidea ikastaroa behin hasita 30 eguneko epean egin beharko da.

Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak

Eskatzeko baldintzak:
• 16 urtetik gorakoa izatea.
• Donostian erroldatuta egotea, edota egoitza soziala Donostian duen entitate edo zerbitzu enpresa batean lan egitea.

Jasotzeko baldintzak:
• Euskaltegi edo zentro homologatu batean matrikulatu.
• Eskabidea, behar bezala beteta, eta nahitaezko dokumentazioa ezarritako epean aurkeztu.
• Ikasturte amaieran, gutxienez azpi-maila bat gainditu eta %85eko asistentzia egiaztatu.