Do re ni elkarteak eskualdeko 200 boluntario lortzeko deia egin du

0

Musikak garunean nola eragiten duen ikertzeko eskualdeko 200 boluntarioren bila dabil Do re ni elkartea.

Neurozientzialariek diotenez, musikak beste edozerk baino gehiago estimulatzen du garuna. Esaterako, Rafael Yuste neurozientzialari ezagunak dio honako hiru egoeretan egiten duela garunak lan gehien: lo gaudenean, begiak itxita ditugunean eta musika egiten dugunean.

Orain arte, gizarteak musika estetikaren alorrean baloratu izan du. Alabaina, Do re ni elkarteak frogatu nAHi du musika garrantzitsua dela garunaren garapenerako; eta, bereziki, tresna oso baliagarria dela adineko jendearen zahartze aktiboa laguntzeko. Musika gure bizitza estiloan integratzeak onurak dakarzkio garunari. Hori frogatu nahi dute ikerketa zabal horren bidez.

Eskualdeko 200 boluntario

Ikerketa aurrera eraman ahal izateko, 55 urtetik gorako Urola Kosta eskualdeko 200 boluntario behar ditu elkarteak. Dagoeneko bi bilera egin ditu elkarteak Orion, eta jende ugarik erakutsi du gaiarekiko interesa. Azken bilera irailaren 10ean egin zen Orioko Salatxo aretoan.

Orion dagoeneko jende dezentek izena eman badu ere, izena emateko epea irailaren amaiera arte zabaldu da.  Hain zuzen ere, oriotarrez gaiz, Aia, Getaria, Zarautz edota Zumaiako 55 urtetik gorako herritarrek proiektuan parte hartzeko aukera dute. Izena emateko azken eguna irailaren 30a izango da.

Ikerketa zientifiko zabala

Ikerketa aurrera ateratzeko, hainbat adituren laguntza izango du Do re ni elkarteak, hala nola;

  • Jose Manuel Lopez Bragado, Osakidetzako Osasun Mentaleko burua
  • Nicola Molinaro, BCBLko zientzialaria (Basque Center on Cognition, Brain and Language)
  • EHUko robotika departamentua

Bestalde, Josean San Miguel konpositorea eta Juan Kruz Igerabide idazlea ere ari dira lanean Do re ni elkarteak osatutako lantaldean.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza eskatu dute ikerketa egiteko. Urola Kostako Udal Elkarteak eta Orioko Udalak ere babesten dute egitasmoa.