Bi atxilotu Elorrion jatetxe abandonatu batetik materiala lapurtzeagatik

0

30 eta 46 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten Ertzaintzako agenteek astelehenean Elorrion indarra erabiliz jatetxe abandodtau batean lapurreta egitea leporatuta.

Arratsaldeko seiak aldera, partikular batek Ertzaintzara deitu zuen Elorrioko Iguria auzoko jatetxe abandonatu baten ondoan furgoneta susmagarri bat zegoela eta barruan zaratak entzuten zirela esanez.

Ertzaintzaren patruila bat adierazitako lekura iritsi zenean, agenteek furgoneta ikusi zuten eta lokal ingurua miatu zuten. Horrela, sarrerako ateak palankaz behartu izanaren zantzu argiak zituela eta, horrez gainera, ateko hainbat kristal apurtuta zeudela konturatu ziren.

Barnean kolpe-hotsak entzuten zirenez, agenteak atetik sartu ziren, eta barruan gizonezko bat aurkitu zuten. Bertan zertan ari zen galdetu ziotenean, gizonezkoak agenteei esan zien beste gizonezko batekin zegoela, eta ertzainek, beraz, haien aurrera agertzeko eskatu zioten, eta handik laster agertu zen.

Beste polizia-patruila batzuk iritsi zirenean, agenteek egiaztatu zuten metalezko hainbat hodi eta erradiadore jatorrizko lekuetatik kenduta eta pilatuta zeudela, eramateko prest. Era berean, lokaleko sukalde industrialean metalezko altzariak ere desmuntatuta zeuden eramateko asmoz.

Horregatik guztiagatik, ertzainek identifikatu egin zituzten susmagarriak, 30 eta 46 urteko bi gizonezkoak, eta, beharrezko egiaztapenak egin ondoren, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zituzten.