Donostiako langabeentzako doako euskara ikastaroak

0

Irailaren 20ra arte Donostian erroldatuta dauden langabeek doako euskara ikastaroetan izen-emateko aukera izango dute.

Ikastaroak urriaren 10ean hasi eta abenduaren 5ean bukatuko dira eta asistentzia nahitaezkoa izango da. Doako ikastaro hauetan 18 urtetik gorako langabe donostiarrek eman ahalko dute izena. Matrikulatzeko epea irailaren 20ra arte dago zabalik eta Donostiako edozein euskaltegi homologatutan eman daiteke izena. Nahikoa da langabezia egoeran egotea izen-ematea hasi den datarako, irailaren 2rako. Ikastaro hauek 120 ikastordu izango dituzte eta egunero hiru ordu emango dira; astelehenetik ostiralera, goizeko 10:30etik eguerdiko 13:45era

Ikastaro hauen helburua da, batetik, euskalduntzea indartzea, eta, bestetik, gizartean egoera okerren daudenei euskara ikasteko aukera erraztea: “behar handiena dutenei erraztasunak eman behar zaizkie, baita euskara sustatzeko garaian ere. Langabeek, euskara ikasten badute, etorkizunean lanerako aukera gehiago izatea espero dugu” adierazi du Jon Insaustik, Kultura eta Euskarako zinegotzi ordezkariak.

Informazio gehiago www.donostiaeuskaraz.eus.