‘Fair Saturday 2019’: Zea Mays eta Urko izango dira ekimenaren hasiera ekitaldiko protagonistak

0

Azaroaren 29ean Zea Mays rock talde bilbotarra, Urko euskal kantautorea, eta Marta Urbieta eta Mikel Atxalandabaso abeslari lirikoak izango dira ‘Fair Saturday 2019’ ekimenaren hasiera ekitaldian, munduko behartsuenen bizimodua hobetzeko helburuarekin.

Ekimenaren hasiera ekitaldiko kontzertuan biltzen duten diru guztia gizarte gaiak babestea helburu duten proiektu edo erakundeetara bideratuko dute. Ildo horretatik, abesbatza bakoitzak gizarte-proiektu jakin bati egin ahal izango dio ekarpena.

Jaialdiaren irekiera ekitaldia azaroaren 29an egingo da, Bilboko Bilbao Arena pabiloian. Bertan, mila musikari eta abeslari baino gehiago bilduko dira, eta zinearen eta antzerki-musikalen inguruko abesti ezagun ugari kantatuko dituzte. Halaber, horiei Zea Mays rock taldearen arrakasten bertsio berriak eta Urkok abestutako euskal abesti herrikoiak gehituko zaizkie.

Bilboko Udal Musika Banda oholtza gainera igoko diren artistekin batera arituko da, Pascual Villaplana zuzendari titularraren zuzendaritzapean. Guztira, Bizkaiko 26 abesbatza eta 990 abeslari elkartuko dira kontzertu solidario horretan, besteak beste, Bilboko abesbatza, Ondarretako abesbatza (Getxo) eta Rossini abesbatza.

Eskoziatik, Bilboko ekimen kultural eta solidarioarekin bat egin duen munduko lehen eskualdeak, Mairi Campbell kantautoreak hartuko du parte hasiera ikuskizunean.