Indarkeria sexista prebenitzeko “Beldur Barik” lehiaketa martxan da

0

Emakumeek jasaten duten bereizkeria egoerei aurre egiten dioten neska-mutilen arte adierazpen motak bultzatzeko asmoz, Donostiako Udalak “Beldur Barik” lehiaketa ipini du martxan.

Hala, indarkeria sexista eta matxistaren manifestazio anitzak ikusarazten dituzten taldekako proiektu artistikoak aurkezteko aukera izango dute 12 eta 26 urte bitarteko gazteek azaroaren 5era arte www.beldurbarik.eus webgunean.

Lanak errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzukizunean eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoan oinarritutako jokabide eta jarrerak izan behar dira. Horrenbestez, “Beldur Barik” proiektuek hau erakutsi behar dute: emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, anitzak eta ez-sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa.

Lehiaketan edozein adierazpen artistiko onartuko da, baldin eta euskarri digitalean aurkezten bada: flashmob, errezitatutako poemak edota kameraren aurrean irakurritako hausnarketazko testuak, bideoklipak, argazkiak, fotonobelak, lipdubak, dantzak, etab.