Ertzaintzak Gasteizen hainbat lapurreten ustezko egilea atxilotu du

0

Lehengo ostegunean Ertzaintzako agenteek Gasteizen 23 urteko gizon bat atxilotu zuten  hilabeteotan Gasteizen indarkeria eta beldurra erabiliz eginiko bost lapurreta leporatuz.

Uztailaren hamabiko arratsaldean, poliziaren laguntza eskatu zuten Gasteizko Santa Teresa Bidetik, zertxobait lehenago indarkeria erabiliz lapurreta egin zutela esanez. Agenteek egiaztatu ahal izan zutenez, kirurgia-operazio baten ondoren ibiltzeko makuluak behar zituen emakume bati gizonezko bat hurbildu zitzaion, eta labana batekin mehatxu eginda bortxaz poltsa kendu eta lurrera erorarazi zuen. Delitugileak, bere helburua beteta, korrika alde egin zuen biktima zaurituta utzita.

Gertatutakoaren berri izan ondoren abian jarritako ikerketari esker identifikatu zuten ertzainek delitu-egintza horren ustezko egilea, 23 urteko gizonezkoa. Aldi berean jakin ahal izan zuten azken hilabeteotan Arabako hiriburuko alde horretan, eta modus operandi beretsua erabiliz, egindako beste hainbat lapurretatan inplikatuta egon zitekeela. Biktima guztiak mugikortasun-arazoak dituzten emakumezkoak dira, eta kasu guztietan labana edo estilete batekin mehatxatu zituzten, jo egin zituzten eta zaurituta geratu ziren lapurraren jarrera bortitzaren ondorioz.

Beharrezko frogaketak egin ondoren, atzo goizean atxilotu zuten susmagarria, eta bere bizilekua miatu zutenean lapurreta ezberdinetan inplikatzen duten agiriak eta objektuak aurkitu zituzten. Datozen orduotan, polizia-egoitzan dagozkion eginbideak amaitu ondoren, arrastatua epailearen aurrera eramango dute.

Gizonezkoari aurtengo urtean zehar bortxaz egindako bost lapurreta behintzat leporatzen dizkiote, eta ikerketak zabalik jarraitzen du antzeko beste delitu-egintza batzuetan parte hartu ote duen argitzeko.