Munduko bidaia-agentzia zaharrena zenak, Thomas Cookek, porrot egin duela jakinarazi du gaur bertan.
Enpresa honek 22.000 langile zituen eta 19 milioi bezero, 16 herrialdetan. Une honetan, 600.000 turista ditu oporretan mundu osoan, eta, hortaz, gobernuek eta aseguru-etxeak operazio handia koordinatu beharko dute. Kaltetuetako 150.000 britainiarrak dira.
Konpainiak ezin izan du lortu bere mailegu-emaileen erreskate-paketerik. Hori dela eta, Erresuma Batuko Abiazio Zibilaren Aginteak zehaztu du Thomas Cookek lan egiteari utzi diola. Ondorioz, Gobernuarekin batera arituko da hurrengo bi asteotan, porrot horren ondorioz kaltetutako milaka bezero britainiarrak etxera bueltan eramateko.