Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdia-BAD 21, urriaren 17tik 27ra

0

Aurten ere, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdia-BAD 21 sektoreko profesionalentzako topaketa eta lan foro bilakatuko da urriaren 17tik 27ra.

Egun horietan, beste batzuen artean, gonbidatutako konpainiak, Europako beste jaialdi batzuetako programatzaileak eta Arte Eszenikoen alorreko mugaz gaindiko lankidetzarako Pyrenart proiektuko kide diren erakundeak elkartuko ditu. Horientzat prestakuntza ekintzak eta topaketa eta eztabaida foroak programatu dira, Dantzertin – Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan eta Burtsako Udaltegian, besteak beste.

Prestakuntza arloaren barruan, Burtsako Udaltegian egingo diren bi topaketa profesional jasotzen dira. ATAErekin–Arte Eszenikoen Teknikarien Elkarte Profesionalarekin antolatutako lehenengoa urriaren 17an izango da, 10:00etatik 14:00etara, eta dantzarako argiztapen diseinuan zentratuko da. Prestakuntza Lola Barrosok, 2018an, “Furiosa Escandinavia” lanari esker Eszena Argiztapen Diseinu Onenaren MAX SARIA jaso zuen eszena argiztapen diseinugileak, emango du. Lola Barroso, antzerki, dantza, kontzertu, opera eta musikaletarako argiztapen diseinugile gisa 15 urte baino gehiagoko esperientzia duen ibilbide luzeko profesionala da.

Hurrengo egunean, urriaren 18an, nazioarteko merkaturako gain-titulatzeko moduari buruzko prestakuntza ekintza egingo da, arte eszenikoetako profesionalei zuzenduta. Jarduera Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren barruan dagoen mugaz gaindiko lankidetzarako Pyrenart proiektuan sartzen da. Topaketan, azken urteetan ikuskizunak nazioartera zabaltzeko egokiak diren soluzioak bilatzeko aurrera eraman diren tresnak eta teknologiak ezagutaraziko dira. Prestakuntza espezializatu horren helburua ikuskizunen gain-titulaziorako azken teknologiak ezagutaraztea da: sistema teknikoak, softwareak, ohiko arazoak, pantailen kokalekuak, ikusgaitasuna, eta hizkuntza batera baino gehiagora gain-titulatzea, besteak beste.