Itsasotik Herrira jaialdiaren bigarren edizioa urriaren 11 eta 12an ospatuko da Zarautzen

0

Lehengo urtean bezala, aurten ere Itsasotik Herrira jaialdia ospatuko da Zarautzen, urriaren 11 eta 12an zehazki.

Iazko lehen edizioan bezalaxe, Urola Kosta eskualdeko izaera bereizten duen sormen eta kultura ondarea izango du oinarri ekimenak. Aurtengoan, gainera, ingurumena gaitzat hartuta landu da bi eguneko egitarau zabala. Hain zuzen ere, “Ingurumenaren uberan” goiburu hartuta garatu dituzte proposamenak ekimenean parte hartu duten eskualdeko artista eta sortzaileek.

Udal Elkarteak eskualdearen potentzialitateak baliatu eta lankidetzaren bidetik bailara eraikitzen jarraitzeko konpromisotik gorpuztu da proiektua. Lankidetza ardatz, eskualde mailako ekimena 5 herrietako Udalekin elkarlanean garatu da, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin ere. Eta zuzenean ondu da, eskuz-esku, bailarako sormen eta kultura ehun aberatsa osatzen duten profesional, eragile, elkarte, enpresa eta norbanakorekin. Zehazki, Udal Elkartearen sostenguaren txapelapean eta elkarlanean jardun duten 14 diziplinetako 50 eragile baino gehiagoren partaidetzarekin antolatu da jaialdia.

Eskualdeko kultura-ondarean jiran, guztira, 20 ekimen inguru eskainiko dira  Zarauzko hainbat gunetan. Eskaintza zabala izango da, diziplina anitzeko egitasmoz osatua (eskultura, artisautza, dantza, kultura-ondarea, musika, antzerkia…) eta guztiek izango dute, nabarmen, eskualdeko kutsua: batzuek, Urola Kostan urte luzez pilatutako iragan-tradizioei egingo diote keinu; beste batzuk, aldiz, gaur egungo proposamen berritzaileenekin batera, gerora begirako bide berri bat zabaltzeko asmoz eratu dira. Horietako proposamen eta ekoizpen ugari, gainera, Itsasotik Herrira jaialdirako propio sortutakoak dira. Ahalegin berezia ere egin da eskaintza herritar guztiengana bideratzeko. Eta doan izango dira haur, gazte nahiz helduei bideratutako ekimen guztiak.