‘Darabilbo’ programak euskarazko aisialdia bultzatuko du Bizkaiko hiriburuan

0

“Erabili Euskara Bilbon” lelopean, Darabilbo programaren edizio berri bat abian ipini dute Bilboko Udalak eta Euskaltegi Sareak.

Irrintzi eta gozogintza tailerrek, Bilboko Arte Ederren Museorako bisita gidatuek eta energia berriei buruzko solasaldi-askari batek osatzen dute urrirako doako programazio hau.

Programako jarduerak taldeka egiten dira urte osoan, uztailean eta abuztuan izan ezik. Eta hiriko barruti guztietan. Jarduera hauek, oro har, euskaraz berba egin eta aisialdian euskaraz bizi nahi duten pertsonei zuzenduta daude.

Era bateko eta besteko jarduera eta tailerren artean, bisita gidatuak eskaintzen dira hiriko museo nagusietara, euskal dantzak, antzerkia, garagardo, ardo, kafe eta olio dastaketak, kultur ibilaldiak eta jarduerak, sukaldaritzako tailerrak, esku-lanak, argazkigintza, autodefentsa, teknologia berriak eta literatura tailerrak, besteak beste.

Euskarazko doako jarduera hauetan parte hartzeko baldintza bakarra Darabilboren webgunean izena emanda egotea da.