Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Portugaleteko bi establezimendutan beldurra erabiliz lapurreta egiteagatik

0

Joan den asteartean ertzainek 48 urteko gizonezko bat atxilotu zuten arma zuri batekin mehatxu eginez Portugaleteko bi establezimendutan lapurreta egitea leporatuta.

Joan den ostiralean, hilaren 20an, gaueko bederatziak baino zertxobait lehenago, Ertzaintzari jakitera eman zioten lapurreta egin zutela Portugaleteko botika batean. Bertara hurbildu ziren herritarren babeserako dotazioei arduradunak esan zien gizonezko bat sartu zela botikan labana bat hartuta, eta mostradorea labanarekin kolpatuz eta mehatxu eginez dirua emateko esan ziola. Arduradunaren esanetan, biak erdi borrokan aritu ziren eta erasotzaileak salatzaileari ebakia egin zion hatz batean, eta kutxa erregistratzaileko dirua hartu eta berehala alde egin zuen.

Bigarren lapurreta igande gaueko bederatziak eta laurden inguruan gertatu zen Portugaleteko saltoki batean. Kasu horretan ere lapurrak labana batekin mehatxatu zuen langilea berrogeita hamar euro eman ziezazkion. Langileak ez zizkiola emango esan zionez, mostradore gainetik tableta bat hartu eta alde egin zuen.

Muskizeko Ertzain-etxetik hasi zuten lapurreta horiek argitzeko ikerketa, eta atzo, asteartea, goizean, aurkitu eta atxilotu zuten Portugaleteko etxebizitza batean lapurreta horien ustezko egilea.

Atxilotua gaur, asteazkena, goizean eraman dute epailearen aurrera.