Ehun bat adituk «Autobabeserako Euskal Araua azken aldaketen ondoren» izeneko lan-jardunaldian hartu dute parte.
Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan egin den jardunaldia Pedro Anituak, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako (LAEMZ) zuzendariak, aurkeztu du, eta bertan parte hartu dute Iñaki Inorizak, LAEMZko planifikazioaren arduradunak; Pilar Etxezarretak, Joko eta Ikuskizun Zuzendaritzako Gipuzkoako Lurralde Zerbitzuaren arduradunak; Beatriz Anituak, adierazitako Zuzendaritzako Arabako Lurralde Zerbitzuko aholkulari juridikoak; eta Hilario Seinek, Ikastolen Federazioko autobabeserako teknikariak.
Euskal Autonomia Erkidegoko nahiz beste autonomia-erkidego batzuetako autobabesaren esparruko adituen kolektiboak erakutsitako interesa dela eta, jardunaldia zuzenean eman dute Euskadiko Irekia plataformaren bidez.
Autobabeserako Euskal Arauak zenbait jarduera, zentro edo establezimenduren autobabes-betebeharrak arautzen ditu, larrialdiei aurre egiteko, eta helburua du euskal gizartearen segurtasun-maila hobetzea horien titularren autobabes-betebeharrak ezarrita.
Horretarako, teknikari egiaztatuek egindako autobabes-plan bat izan beharko dute, Euskadiko Autobabes Planen Erregistro Orokorrean inskribatu beharko dute, ezarri egin beharko dute eta ariketen eta simulakroen bidez horien efikaziari eutsi beharko diote.
Autobabeserako Euskal Arauan egindako arauzko azken aldaketen artean Aurreikus daitezkeen Arriskuetarako Baliabideak nabarmentzen dira, hau da, gerta litezkeen arriskuen aurrean jarduteko baliabideak, jada garatzen ari zirenak. Arauaren azken aldaketetan horien edukia zehaztu da, eta ekitaldi guztietarako (leku publiko batean egiten diren ezohiko jardueretarako) derrigorrezkoak direla ezarri da.