Joko-lokaletan adingabekorik badagoen egiaztatzeko kontrol bereziak egin dira

0

Joko- eta ostalaritza-lokaletan adingaberik badagoen egiaztatzeko eta salatzeko aurten Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizunen Unitateak 1.073 kontrol egin ditu.

Jokoei eta Ikuskizunei buruzko legearen arabera, debekatuta dago joko- eta apustu-lokaletan eta jokatzeko makinak dituzten ostalaritza-establezimenduetan adingabeak egotea. Dekretu hori betearazteko, Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizunen Unitateari atxikitako Ertzaintzako agenteek eta ertzain-etxeetako patruilek adingabeen 1.073 kontrol espezifiko egin dituzte 2019. urtean, adingaberik badagoen edo joko eta/edo apustuetan parte hartzen duten egiaztatzeko helburu nagusiarekin.

Ikuskapen horietan, jardun duten agenteek 12 akta egin dituzte adingabeak egoteagatik edo jokatzeagatik, eta 16 adingabe identifikatu dituzte (10 Bizkaian, 3 Araban eta beste hainbeste Gipuzkoan).

Helburua adingabeak kontrolatzea eta, beraz, legea betearaztea denez gero, Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak ohiko ikuskapen-planarekin jarraituko du lurralde historikoetako lokal eta establezimendu guztietan.