Zinemaldiaren 67. edizioaren filmen aukera-sorta bat aurkeztuko du Azkuna Zentroak

0
PRUEBA

Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao gaurtik urriaren 6ra arte Donostiako Zinemaldiaren 67.edizioan parte hartu duten filmen aukera-sorta bat proiektatuko du.

Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko kultur ordezkariak; Fernando Pérez Azkuna – Alhóndiga Bilbaoko zuzendariak eta José Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiaren zuzendariak aurtengo film programa gaur aurkeztu dute.

Zinemaldia Azkuna Zentroan sahietsezineko ekitaldia da bilbotarrentzat. “Harrera bikaina du”, adierazi du Fernando Pérez, Zentroko zuzendariak. Iaz, 2.000 pertsona inguru bertaratu ziren programatutako zazpi saioetara “urtero Nazioarte mailan estreinatzen diren film hoberenetarikoak” ikusteko.

Bestalde, prentsaurrekoan Jon Garañok eta Aitor Arregik parte hartu dute, La trinchera infinita filmeko hiru zuzendarietako bik. Izan ere, film hori izan da Zinemaldi honetako garailerik handienetako bat, zuzendaritzarik onenaren Zilarrezko Maskorra, epai-mahaiak gidoirik onenari emandako saria eta Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratu baititu. Frantses-euskaldun koprodukzio honek Azkuna Zentroko programa hau irekiko du.

Zuzendariek gaztelaniaz egindako lehen film luzea da. Zinemaldiko sekzio ofizialean estreinaldia izan duen koprodukzio honetan, bikote baten bizitza jorratzen da Gerra Zibilaren garaian: errepresaliak jasotzeko beldurra, amodioa eta zigortuen itxialdia.

Jarraian, sekzio ofizialeko beste film bat proiektatuko da, José Luis Torres Leiva zuzendari txiletarraren Vendrá la muerte y tendrá tus ojos, amodioa, adiskidetasuna eta heriotza hizpide dituen filma: bizitza osoa elkarrekin eman duten bi emakumek aurre egin beharko diote batak duen gaixotasunari.

Proiekzioekin jarraituta, asteazkenean Tunisiako Hinde Boujemaa zuzendariaren Le rêve de Noura izango dugu, New Directors sekzioan aurkeztutako filma; eta ostegunean Bong Joon-ho zuzendariaren Gisaengchung/Parasite, Perlas sekziokoa izango dugu, Cannes-en Palma de Oro saria irabazi zuena. Kritika bikainak jaso dituen thriller korear hau moralari buruzko hausnarketa sozial bat da.

Era berean, ostiralean, Perlak sekziotik iritsiko da Azkuna Zentrora Ken Loach zuzendari txalotuaren Sorry, we missed you film britainiarra, ikusleek 2019ko Europako filmik onenari emandako saria irabazi duena.
Loachek berriz azaltzen du sisteman ahulen dauden pertsonen eguneroko borroka, hain zuzen, ‘autonomo faltsuak’ deitutakoen lan-baldintza gogorrak.

New Directors sekzioan, Joanne Giger-en Le milieu de l’horizon filma egon da ikusgai. 1976an Suitzako landa-guneetan izan zen lehorte latzean girotutako Laetita Castak protagonizatutako film honetan, neska gazte baten erretratua lantzen da, haren xalotasuna eta familia-ingurua gainbehera doazela. Azkenik, programari amaiera emateko, François Girardek zuzendu duen eta Clive Owen eta Tim Roth protagonista gisa dituen The Song of Names filma izango dugu ikusgai igandean.

Sarrerak Golem Alhóndiga eta www.golem.es webgunean salgai egongo dira 4,5 eurotan / 3,5 eurotan Az txartelarekin. Filmak egunero 20:00etan ikusi ahal izango dira.