Atzo amaitu zen Donostian hondartza garaia eta, datuen arabera, aurten jende asko ibili da bertan.
Eguraldia, batez ere abuztutik aurrera, ona izan da eta jendea animatu da hondartzaz gozatzera. Guzti honek eragin zuzena izan du handartzetako zerbitzu ezberdinek izan duten erabileraren igoeran, bai kabina kolektiboei dagokienez zein toldo edota bainu lagunduei dagokionez.
Denboraldia hasi aurretik, harea mugimenduak egin ziren, baina aurreko urteetan baino gutxiago, hala ere. Batez ere, hondartzetako kabina eta komunetako sarbideetan metatua zegoen harea kendu da, kota jaitsi eta hondartza orraztu da, zerbitzuak jartzeko.
Marisol Garmendiak adierazi duenez, “lehen aldiz jarri ditugu hondakin organikorako zakarrontziak, eta EMAS ingurumen ziurtagiriaren betekizunak bete ditugu; hala, aurten ere lortu dugu ziurtagiri hori. Hala ere, ikusi dugu, edukiontzi horiek jarri arren, zabor organikoaren kilo asko bildu dela errefuserako edukiontzietan; beraz, datorren urtean, agian, komenigarria izango da sentsibilizazio kanpaina bat egitea”.