2020-2023 enplegu-plan berriak egiteko egoera aztertzen ari dira Bizkaian

0
PRUEBA

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak azaldu duenez, 2020-2023 enplegu-plan bat egin eta abiarazteko lan-merkatuaren egoerari buruzko diagnostiko bat egiten ari dira.

Plan horri esker, inbertsioa gehituko da; programak berrituko dira, eta langabetuei informazio hobetua eskainiko zaie.

Hori guztia Batzar Nagusietako Batzordean egin duen agerraldian iragarri du, gaur, Laespadak. Diputatuak berak eskatu du Batzar Nagusien aurrean agertzeko, banan-banan azaltzeko zuzentzen duen sailak hasi berri dugun foru-legegintzaldian izango dituen ildo estrategikoak.

Enpleguaren arloan, azaldu duenez, legegintzaldi berriaren hasieratik jardun dute Bizkaiaren egoerari buruzko diagnosi bat prestatzen, hura abiapuntu dutela, 2020-2023 Enplegurako Plan Estrategiko bat egin eta onesteko. Erabakigarri, efikaz eta eraginkorrak diren enplegua aktibatzeko politikak garatzea izango du helburu plan horrek.

Laespadak gogorarazi duen bezala, Foru Aldundia, azken lau urteetan, lanean aritu da enplegu-politika aktiboak martxan jartzeko; eta, politika horiei esker, legegintzaldian 10.000 langabeturi baino gehiagori lagundu zaie eta 5.000 pertsona baino gehiago zuzenean laneratzeko laguntza eman da, 4.000 enpresatik gora sortzeaz gainera.