Bilboko Udal Txistulari Bandak bihar estreinatuko du denboraldi berria

0

Bihar, osteguna, Bilboko Udal Txistulari Bandak 2019-2020 zikloko kontzertu denboraldi berria estreinatuko du uskalduna Jauregian.

Izan ere, Garikoitz Mendizabal, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcíak David Rivas eta Juan Luis Roig artisten konposizioz eta moldaketez osaturiko musika folkeko programa batekin, zein ohorezko gonbidatuekin inauguratuko dute sasoia: Aitor Furundarena (akordeoia), Iñigo Eskubi (gitarra) eta Gorka Eskauriaza (baxua).

Ikuskizuna David Rivas-ek eginiko “Pirineoen magalean” izeneko estreinaldiko obrarekin hasiko da, 8 mugimendutan banatutakoa (“I Dantza prima / II Udazken hartan / III Zure begirada”, “IV Eguzkia ere altxatzen da”, “V Gau hotza”, “VI zortziko”, “VII Oroitzapen tristea” eta “VIII Kontradantza eta amaiera”) eta soinu eta erritmo herrikoietan oinarritutakoa. Rivasek berak azaldu duenez, “tradizioa eta modernitatea batzea da ideia nagusia, baita folkloreari eta bere hastapenei omenaldi bat egitea ere; instrumentu hauek izaera iradokitzaile eta deskriptiboagoa duen egungo musikara hurbilduz”.

“Pirineoen magalean” lanaren ondoren Daviden eta Juan Luis Roig maisuaren moldaketak eta instrumentazioa duten Euskal Herriko eta Zamorako beste 10 gai tradizional entzungo dira. Kepa Junkeraren musika melodikoz, deskriptiboz, erakargarriz eta harmonikoki xinpleaz osaturiko errepertorioa, alegia: “Fasio / Lurra Terra”, “Zolloko San Martinak”, “Anbototik Oizera” eta “Odolaren boza”. Halaber, “Bertso doinuak”, “Branlea”, “Alemanak” eta “El Tio Babu/Bolero de Algodre” bezalako lan herrikoiak ere ez dira faltako.

Sarrerak zenbakituak izango dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan (2 euro), www.euskalduna.eus webgunean (3 euro) eta Kutxabank-en zerbitzu anitzeko kutxazainetan (3 euro) erosi ahal izango dira.

Topaketa honen ondoren, urriak 21ean, astelehenean, Bilboko Udal Txistulari Banda Nafarroako Musikako Goiko Kontserbatorioko ikasleak diren Iker Larrauri, Jon Heras eta Maite Lomasekin bueltatuko da eszenara, ikus-entzuleei txistuaren musika onenaz gozatzeko aukera eskainiz. Zentzu horretan, aipatzekoa da ere, urriaren 28an, Bilboko Banda Nafarroako Kontserbatorioa bisitatuko dutela aurretiaz hiriburu bizkaitarrean eskainitako ikuskizuna errepikatzeko.