Bi emakume atxilotu dituzte Gazteizen etxebizitzatan lapurreta egiteagatik

0

Joan den astelehenean 21 eta 26 urteko bi emakume atzerritar atxilotu zituzten ertzainek, ustez Gasteizeko etxebizitzatan lapurretan aritzen den talde kriminal bateko kideak izateagatik.

Ertzainek atzerritarra den eta etxebizitzetako lapurretengatik aurrekariak dituen emakume bat ikusi zuten urriaren 7an Gasteizen.

Une horretatik aurrera agenteek zaintza-dispositiboa jarri zuten abian, eta dagokion ikerketaren bidez jakin ahal izan zuten gaztea polizia-aurrekariak dituen beste emakumezko batekin zegoela.

Egun horretan bertan egindako zaintza-dispositiboan agenteek ikusi ahal izan zuten bi gazteak Arabako hiriburuko erdiguneko dendak begiratzen ari zirela eta eguerdiko hamabiak laurden gutxi aldera portale batean sartu zirela.

Handik denbora batera, ertzainek portaletik irteten ikusi zituzten bi emakumeak, eta, ondoren, Judizmendi parkeko banku batean eseri ziren eta etxebizitza batean lapurtu berri zutena begiratzen hasi ziren.

Une horretan identifikatu zituzten agenteek, eta miatu zituztenean urrezko bederatzi eraztun eta sei belarritako pare, bisuteriako hiru kateorratz, hogeita lau zintzilikario, bi lepoko eta hamar eskumuturreko, dirua eta bitxiak jasotzeko erabiltzen diren eta materiala lapurreta batekoa zela egiaztatzen zuten hainbat kaxa txiki aurkitu zizkieten.

Horren aurrean, ertzainek atxilotu eta poliziaren egoitzara eraman zituzten 21 eta 26 urteko bi gazteak.

Gertatutakoa salatu ondoren, bitxien jabeak bereak zirela adierazi zuen, eta itzuli egin zizkioten.

Agenteek dagokion ikerketaren bidez jakin ahal izan dute orain dela hamar bat urtetik aldizka Gasteizera etxebizitzatan lapurreta egitera etortzen den talde bateko kideak direla. Oraingoan biek portaleko eta etxebizitzako ateak behartu zituzten plastikoren bat edo metalezko zerbait erabilita.

Polizia-aurrekariak dituzten bi atxilotuak atzo eraman zituzten Gasteizko Guardiako Epaitegiko epailearen aurrera, eta, urtebete eta lau hilabeteko espetxe-zigorra eta kondenak irauten duen denboran hautagai izateko eskubidea egikaritzeko desgaikuntza berezi a ezarrita, aske utzi zituzten.