Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxea astelehenean irekiko da berriz ere

0

Anoetako Estadioaren berritze-lanak zirela-eta urtebetez itxita egon ostean, Ernest Lluch Kultur Etxeak berriro irekiko ditu ateak datorren astelehenean.

Urriaren 14tik aurrera, Kultur Etxeak Anoetako Estadioaren ekialdeko fatxadan duen egoitzan eskainiko ditu bere zerbitzuak eta programazioa, Haurtxokoa eta Gaztelekua izan ezik. Bi zerbitzuok egun behin-behinekoz duten egoitzan (Olaeta jolas-parkean) jarraituko dute 2019-2020 ikasturtean, berriro ireki arte beste areto berri eta handiago batean, hura ere Anoetako estadioan, kultur etxearen ondoan.

Amarako kultur ekipamendu berrituak hobekuntza nabarmenak izango ditu. Berritasun nagusia da kultur etxea ez dela bi egoitzatan banatuta egongo, orain arte bezala. Kultur Etxeko sarrera eta harrera-gela etxabean egongo dira, orain arteko lehen solairuarekin lotuta, eta etxabean egongo dira, halaber, erakusketa-aretoa, ikastaroetarako eta lagapenetarako lantegia eta ekitaldi-aretoa. Goiko solairuan, berriz, liburutegia, KZgunea, Plus 55 zerbitzua, lau lantegi eta bulegoak egongo dira.

Erakusketa-areto berria eta ekitaldi-aretoa handiagoak eta egokiagoak dira orain, eta, horri esker, kultur etxearen programazio-ildoak sendotu egingo dira. Bestalde, lantegi bat gehiago izango da egoitza berrian, eta horrek badu bere garrantzia, kultur etxeak ikasle asko baititu eta areto-lagapen asko egiten baitzaizkie elkarteei.