Donostian bikote bati guraizeekin mehatxu egiteagatik eta neskari sexu-ukituak egiteagatik atxilotua

0
_

Ertzaintzako agenteek 26 urteko gazte bat atxilotu dute gaur goizean Gipuzkoako hiriburuan mehatxu egitea eta sexu-askatasunaren aurkako delitu bat egotzita.

Gaur, ostirala, goizeko 06:50ean gertatu da Donostiako Kontxa hondartzan. Dirudienez, gaztea bikote batengana hurbildu da tabakoa eskatzera. Hauek esan diote ez dutela tabakorik, baina gizonezkoak berean jarraitu du jarrera oldarkorra erakutsiz, eta halako batean guraizeekin mehatxatu ditu bi nerabeak. Horrez gainera, erasotzailea neskarengana hurbildu da eta ipurmasail inguruan ukitu du.

Nerabeek bertatik alde egitea erabaki dute, baina gazteak atzetik jarraitu die Easo kaletik. Une horretan biktimek Ertzaintzara deitu dute larrialdietako 112 telefono-zenbakiaren bidez.

Patruila batek Easo kalean aurkitu du susmagarria, eta identifikatu duenean prebentziozko miaketa egin dio. Ertzainek mehatxu egiteko erabili dituen guraizeak aurkitu dizkiote bere gauzen artean. Horrenbestez, eta biktimek salaketa jarri dutenez, agenteek mehatxu-delitua eta sexu-askatasunaren aurkako delitu bat leporatuta atxilotu dute inplikatua.

Arrastatua Ertzain-etxeko eginbideak amaitu ondoren eramango dute Donostiako Guardiako Epaitegira.