Donostiako ikasleek bisita gidatuak egingo dituzte oroimen historikoa ezagutzeko

0

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta, aurten ere «Donostiako oroimen historikoaren ibilbidea” izeneko bisita gidatuak antolatu dira.

Hauetan Gerra Zibilean, 1936ko Estatu kolpea eta diktadura frankistaren ondoren, gertatutakoa ezagutzera emango da.

Donostiako Udalak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat “Donostiako oroimen historikoaren ibilbidea” bisita gidatuak antolatu ditu, martxoaren 1etik maiatzaren 31era bitartean, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez.

Giza Eskubideak ezagutzera emateko lanean, eta oroimen historikoa lantzeko ahalegin honetan, Udalari garrantzitsua iruditu zaio gazteek 1936ko estatu kolpearen ondorioz piztutako Gerra Zibileko eta diktadura frankistako gertaera lazgarriak ezagutzea. Testuinguru horretan, ibilbide honen bidez Donostian gertaturikoa gerturatu nahi da, bereziki, belaunaldi gazteei.

Donostiako ikasleek aukera izango dute hiriko historia, oroimen historikoa eta giza eskubideen urraketen gaira hurbiltzeko, ikastetxetik kanpo historia modu interaktiboan lantzeko eta haiengan jarrera kritikoa sustatzeko. Ekimen honi esker, ikastetxean ikasturtean zehar landuko den gaia osatzea lortuko dute, eta, horretarako, ikasgelan lantzeko prestatu den material didaktikoaren laguntza izango dute.