Gripearen aurkako txertaketa-kanpaina martxan da

0
PRUEBA

Gaur, astelehena, Osakidetzak gripearen aurkako txertaketa-kanpaina ipini du martxan.

Sei aste iraungo du, eta, horretarako, 400.000 dosi baino gehiago erosi dituzte. Berrikuntza gisa, aurten babesteko maskarak jarri dituzte Larrialdietako eta Etengabeko Arreta Guneetako itxarongeletan.

‘Txertoa jartzeko unea da, eta badakizu’ lelopean egingo den kanpaina ostegunean aurkeztu zuten, Bilbon, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Juanjo Aurrekoetxea Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak eta Enrique Peiró Osakidetzako Osasun Publikoaren eta Pazientearen Segurtasunerako Programen koordinatzaileak.

Txertoa jartzea gaixotasun horri aurre egiteko “prebentzio-neurri nagusia” dela esan zuen Osasun sailburuak, eta, hori dela eta, gripearen aurkako txertoa jartzeko eskatu zien 65 urtetik gorakoei, haurdun dauden emakumeei eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei, horien egoerak okerrera egin ez dezan. Halaber, osasun arloko langileei ere aholkatu die hartzeko; besteak beste, zahar egoitzetako langileei edo arrisku-taldeetako pertsonen zaintzaileei.