Bizkaiko Foru Ogasunak 6.776,8 milioi euro bildu ditu irailera arte

0
PRUEBA

Irailera arte Bizkaiko zerga-bilketa 6.776,8 milioi eurokoa izan da, beraz, lehengo urteko aldi berean baino %4,3 gehiago lortu dute.

Zerga-bilketa garbia, BEZaren eta Zerga Berezien bilketa doitzeko Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiei egindako ordainketak kenduta, 6.134,8 milioi eurotan geratu da, hau da, % 4,1eko hazkundea izan du iazko irailarekin alderatuta. Halaber, bederatzigarren hilabetean lortutako zifra 2019ko ekitaldi osorako bilketa-aurrekontuaren % 78 da (7868,3 m €).

Bildutako guztitik, 2.941,9 milioi euro zuzeneko zergapetzeari dagozkio, eta % 0,6 hazi da 2018arekin alderatuta (+16,6 m €). Hortik, PFEZ, oro har,% 3,8 hazi da, eta nabarmentzekoa da laneko atxikipenak % 5,2 igo direla. Bestalde, errentaren kanpaina ia amaituta, PFEZaren kuota diferentziala -157,4 milioi eurokoa da. Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, irailera arte 686,5 milioi euroko zerga-bilketa izan du, duela urtebete baino 55,9 milioi gutxiago, batez ere kapital higigarriaren etekinen atxikipenen bilakaera negatiboaren eta kuota diferentzialaren murrizketaren ondorioz, joan den ekitaldian konturako ordainketa konpentsatu baitzen.

Zeharkako zergapetzea  2.783,9 milioi eurokoa izan da aurten, hau da, 181,4 milioi euro gehiago 2018ko irailarekin alderatuta (% 7). Kopuru horretan deskontatuta daude Arabari eta Gipuzkoari lehen bi hiruhilekoetako barne-doikuntzengatik ordaindutako 642 milioi euroak. Doikuntza horien ondoren, kudeaketa propioko BEZak 2.162 milioi euroko emaitza izan du, % 5,4 haziz, eta Zerga Berezien artean Hidrokarburoen gaineko Zergaren hazkundea azpimarratu behar da,  %12,1.

Bestalde, Tasak eta Bestelako Diru-sarrerak 49,9 milioi eurokoak dira, 2018ko epe berean baino bi milioi gehiago. Kudeaketa propioko zerga itunduak biltzeagatik lortutako kopuruei urteko lehen bi hiruhilekoetan Estatuarekiko egindako doikuntzak gehitu behar zaizkie; izan ere, Bizkaiak 464,3 milioi euro jasotzen ditu BEZagatik eta 105,3 milioi euro ordaintzen ditu Zerga Bereziengatik.