Aizarnazabalen aurkitutako marihuana plantazio bat desegin dute

0
PRUEBA

Ertzainek astelehenean 21 urteko gazte bat atxilotu zuten Aizarnazabalen, baserri batean aurkitutako marihuana plantazioaren arduradun izateagatik.

Goizeko lehenengo orduan, Urola Kostako Ertzain-etxeko agenteak baserrira hurbildu ziren miaketa bat egitera, baserriaren lursailetan marihuana hazten ari zirela susmatzeko aztarnak baitzituzten. Era horretako delituei aurrea hartzeko egindako ikerketei esker ondorioztatu zuten, gainera, etxebizitzako sistema elektronikoa nolabait ere manipulatuta egon zitekeela.

Bertara iritsi zirenean, ertzainek egiaztatu ahal izan zuten etxe inguruko lursailetan dagoen berotegi batean marihuana-plantazio bat zegoela, eta garapen-fase ezberdinetan zeuden 300 landare aurkitu zituzten bertan. Jarraian, baserri ondoan dagoen pabiloi bat miatu zuten agenteek, eta pabiloiaren sotoan marihuana hazteko prestatutako hainbat gela aurkitu zituzten, guztiek landarea hazten laguntzeko argiztapen eta aireztapen sistema egokiak zituzten, eta bertan beste ehun landare atzeman zituzten. Pabiloiaren biltegia izan zitekeen beste txoko batean, berriz, lehortzen ari ziren 900 bat zurtoin eta mila bat kukulu aurkitu zituzten.

Horren aurrean, plantazioaren arduraduna zela esan zuen gizonezkoa, 21 urteko gaztea, atxilotu egin zuten osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta, eta argindarrarekin iruzur egitearen delitua ere leporatu zioten, teknikariek egiaztatu baitzuten deribazio elektrikoren bat eginda zuela.

Arrastatua polizia-egoitzara eraman zuten dagozkion izapideak egiteko eta, ondoren, epailearen aurrera eramateko.