Aurten ere Donostian ONCEk antolaturiko Gizarte bateratzaile baten aldeko Kriskitin Lasterketa ospatuko da. Zehazki, datorren larunbatean izango da, eguerdiko 12:00etan Zurriola pasealekuan barrena.
Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako Zinegotziak adierazi duenez “18 urtez ONCEk gizarte bateratzaileagoa egiteko aukera ematen digu eta hori biziki eskertzen dugu Donostiako Udaletxetik. Izan ere, kriskitin lasterketan parte hartzeak ikusmen arazo larriak dituzten pertsonen larruan jarrarazten gaitu eta esperientzia hori guztiz baliagarria da pertsona hauek egunero dituzten zailtasun batzuk ezagutu eta sentitzeko; ezinbesteko ariketa herritarrengandik gertuen dagoen erakundeko ordezkarientzat, beraz. Eta, horrekin batera, kriskitin lasterketak erakusten digu zailtasun horiei egunero aurre egiten dieten pertsonak oztopo horiek gainditu ez ezik besteok gidatzeko gai ere badirela, eta horrek ere ez du preziorik”.
San Romanek aldi berean ONCEri eskerra eman dizkio “zuen eskuzabaltasunagatik eta, batez ere, gizarte osoa gaituago egiteko aurrera eramaten duzuen lanagatik”.