Euskal Autonomi Erkidegoak 2019ko urtarrilaren 1ean 2.188.017 biztanle zenbatu ditu, orain arte lorturiko herritar kopururik altuena lortuz.
Horrela, aurreko urteko goranzko joerari eutsi dio. 2018ko datuekin alderatuta, EAEko biztanleriaren hazkundea 7.568 pertsonakoa izan da, Eustatek emandako datuen arabera.
Eustaten datuak lurraldez lurralde aztertuta, hiru lurraldeetan hazi da biztanleen kopurua 2018an eta 2019an, eta Gipuzkoa hazi da gehien, 2.928 egoiliar gehiago baititu. Beraz, duela ia bi hamarkada hasitako hazkundearen ildoari jarraitzen dio, azken 20 urteetan 44.427 biztanle irabazi baititu: 717.197 biztanle ditu jada.
Araba dago ondoren, 327.967 egoiliarrekin, aurreko urtean baino 2.449 gehiago eta 1999an baino 44.479 gehiago baititu. Beraz, Gipuzkoa beste hazi da azken 20 urteetan.
Bizkaiak 1.142.853 biztanle ditu, baina biztanleria-hazkunde txikiena izan duen lurraldea da, 2.191 biztanle irabazi baititu urtebetean eta 15.856 bi hamarkadetan.